Marketinaren eremuan oso ohikoa da e-posta bidalketak egitea, informazioa publiko zabalari helarazteko, bezeroak fidelizatzeko edo salmenta zereginetarako. Gehien erabiltzen diren aplikazioak Mailchimp, SendInBlue eta MailRelay dira, baina ez dira libreak. Tresna horiek erabiltzean hirugarrenen esku uzten dira e-posta helbideak eta beste hainbat datu pertsonal.
Kezka horretatik abiatuta, funtzionalitate hori eskaintzen duen software libreko proiektu baten bila hasi eta Mailtrain aurkitu zuen Iametzak. Bidalketak egiteko aukera ematen duen software librea da, eta norbere zerbitzarian instalatu daiteke, datuen pribatutasuna zainduz. 2022an bidalketak egiteko Mailtrain erabiltzen hasi zen Iametza, eta geroztik baita bere bezero batzuk ere.
Euskaraz ezin zenez erabili, itzultzea erabaki zuen Iametzak. Itzulpena Mailtrainen integratzeko eskaera egina dago, baina azken aldian proiektuaren garapena geldirik dago, eta oraindik ez dute onartu. Bien bitartean, Iametzak eskura jarri ditu itzulpenaren fitxategiak, baita euskarazko bertsioa integratuta duen Docker irudia ere, instalazio prozesua errazteko.
Amaitzeko, Iametzako Eli Pombok Mailtraini buruz Euskarabildua jardunaldien hamabigarren edizioan emandako hitzaldia ikustea gomendatzen dizuegu. Hemen eskura dezakezue aurkezpenaren PDFa.