X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

BlueskyFedibertsoaKakazteaMastodonSare sozialakSoftware librea

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare sozialaren jabe den Elon Musk-ek Donald Trump AEBetako presidente bihurtzen lagundu izanak bultzatuta. Horietako batzuk Mastodon-era doaz, eta beste asko Bluesky-ra. Baina nor dago Mastodon-en eta Bluesky-ren atzean? Nola finantzatzen dira sare sozial horiek?

Eugen Rochko alemaniarra 2008an hasi zen Twitter erabiltzen, baina 2016an ez zegoen gustura. Peter Thiel aberats estatubatuarrak sare soziala erosiko zuenaren zurrumurruak zabaldu ziren, eta arriskutsua iruditzen zitzaion komunikazio globalerako tresna bat enpresa bakarraren kontrolpean egotea. Horregatik, software libreko Mastodon sare sozial deszentralizatua garatzen hasi zen, oraindik informatikako ikasle zela.

Mastodonek frogatu du posible direla inbertsore handirik gabeko sare sozialak

Ezagutza teknikoak dituen edonork instalatu dezakeenez, hurrengo urterako mila Mastodon komunitate baino gehiago zeuden, elkarren artean konektatuta. Horietako asko ohiko sareetan baztertuak eta jazarriak ziren pertsonek sortu zituzten, auto-kudeatutako espazio seguruak izateko. Lehen erabiltzaile horien dohaintzei esker proiektuari lanaldi osoz ekin ahal izatea lortu zuen Rochkok. Horrez gain, hainbat lagunek boluntario gisa laguntzen zioten garapenean.

2021ean Rochkok irabazi asmorik gabeko sozietate gisa erregistratu zuen Mastodon proiektua Alemanian. 2022an, Elon Muskek Twitter erosi ondoren, Silicon Valley-ko arrisku-kapitaleko enpresek inbertsioak eskaini zizkioten Mastodon-en sortzaileari, baina uko egin zien,  proiektuaren independentzia babesteko. Rochkoren esanetan “Mastodonek (eta Fedibertsoak) frogatu dute bizirauteko arrisku-kapitalik behar ez duten komunikazio plataforma eraginkorrak eta fidagarriak direla“. Izan ere, bere esanetan horrelako inbertsoreek “ez dute negozio jasangarri bat bilatzen, bukaeran irabazi handiak jasotzea baizik“.

Mastodonen erabilera hazi ahala dohaintzek ere gora egin dute, eta azken urteetan software librea bultzatzen duten fundazioen dirulaguntzak ere jaso dituzte. Une honetan Mastodonek lanaldi osoko bost langile ditu, eta bi lanaldi erdian. Pertsonal gastuez gain mantentzen dituzten zerbitzarien (mastodon.social eta mastodon.online) ostatatzeari dagokio ia gastu guztia.

Euskal Mastodon komunitateek sei urte bete dituzte

Euskal Herrian 2018an sortu ziren bi Mastodon komunitateek ere ez dute irabazi asmorik. Mastodon.jalgi.eus Izarkom-ek sortu eta mantentzen du. Mastodon.eus berriz hainbat erakunde eta pertsonek sortu zuten elkarlanean: Azkue Fundazioa, Iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS eta Talaios Koop. Sei urte hauetan Dinahosting-ek doan utzitako zerbitzaria erabili dute, ostatatze enpresa galiziarrak PuntuEUS-ekin duen akordioari esker. Mastodon.eus-en eguneraketak, zerbitzariaren mantenu teknikoa eta babeskopiak Iametzak egiten ditu proiektu sozial bezala. Moderazio lanak komunitateko kideek egiten dituzte musu truk, gertuko komunitatea izanik lan hori ez da amesgaizto bat, sare sozial komertzial erraldoietan bezala. Softwarearen euskarazko itzulpenaz Librezaleko bolondresak arduratzen dira.

Mastodon.eus-ek urtemuga ospatzeko “Gure aukera, sare libreak” atxikimendu kanpaina abiatu du. Nabarmendu dutenez “Fedibertsoak gardentasuna, komunitatearen balioa eta erabiltzaileekiko errespetua lehenesten ditu, sare pribatibo eta zentralizatuek ez bezala”. Horrez gain, adierazi dute “sare libreak funtsezkoak direla gure hizkuntza eremu digitalean garatu, hazi eta presentzia duina izateko aukera bermatzen dutelako, kanpoko erabakien zain egon gabe”.

Bluesky-k nola lortuko ditu arrisku-kapitaleko inbertsoreei banatzeko irabaziak?

Azken asteetan zeresan handia ematen ari den Bluesky sare soziala beste upeleko sagardoa da. 2019an Twitter deszentralizatzeko ikerketa proiektu bezala hasi zen, txoriaren sare sozialaren sortzaileetako bat den Jack Dorsey-ren eskutik. 2021ean, orain enpresaren buru den Jay Graber kontratatu zuten Bluesky zuzentzeko, eta Twitterrek hamahiru milioi dolar jarri zituen garapena abiarazteko. Hilabete gutxira enpresa independente bihurtu zuen Bluesky Graber-ek. Paradisu fiskaltzat jotzen den Delaware estatuan du egoitza konpainiak, AEBetako enpresa handi askok bezala. 2022an Elon Muskek Twitter erosi zuenean Blueskyrekiko loturak eten zituen.

2023ko ekainean Blueskyk zortzi milioi dolar jaso zituen Neo inbertsore taldearen eskutik. Horrez gain, 2024ko urrian Blockchain Capital arrisku-kapitaleko konpainiak 15 milioiko inbertsioa egin zuen enpresan. Marta G. Francok El Salton azaldu duenez, Trump-en kanpainarako dirua bildu zuten enpresa horretako sortzaileetako bik, Stephens anaiek, kriptomoneten merkatua desarautuko duela agindu zuelako. Beste bazkide bat Brock Pierce da. Bitcoin-a El Salvadorren diru ofizial bihurtzeko aholkua eman zion Nayib Bukele presidenteari, Netanyahu familiaren laguna da, eta Steve Bannonekin kolaboratu zuen urteetan, Trumpen lehen garaiko estrategarekin.

Inbertsio handiak jaso ditu Blueskyk, baina ez dago batere argi nola sortuko dituen inbertsoreei banatzeko irabaziak. Sare sozialean kriptodirurik ez dutela integratuko agindu dute, iragarkirik ez dela egongo ere bai. Orain arte zuten diru-sarrera bakarra domeinu pertsonalizatuak saltzea zen, hau da, ordaintzen dutenek @erabiltzailea.bsky.social erabiltzaile-izena izan ordez nahi duten domeinua erabili ahal izatea, esaterako @erabiltzailea.adibidea.eus. Ildo horretatik, iragarri berri dute harpidetza-eredu bat garatzen ari direla. Harpidedunek kalitate altuagoko bideoak izango dituzte, eta profileko koloreak eta abatarren ertza pertsonalizatzeko aukera.

Zaila da horrekin bakarrik enpresari eutsi eta inbertsoreek eskatuko dituzten irabaziak sortzea. Cory Doctorow-k kakazte bezala bataiatutako prozesuan sartu direla dirudi. Lehenik, inbertsoreek jarritako diruarekin produktu erakargarri bat garatzen dute, ahalik eta erabiltzaile gehien pilatzeko. Gero produktua bezero komertzialentzat bihurtzen dute erakargarri, erabiltzaileen kaltean, esaterako iragarkiak sartuz. Azkenik, jabeentzako irabazia bilatzen amaitzen dute, erabiltzaileen eta bezero komertzialen kaltean. Edo ultra-aberats baten jostailu izaten, Twitterrek bezala.