2001eko abenduaren 27 EuskalGNU elkartea eratu zuten, software librea euskaraz hedatzeko helburuarekin. Zuzen de la Cueva, Marcos Goyeneche, Xabier Otxotorena, Juan Antonio Pereira eta Iñaki Larrañagak osatu zuten taldea, Juanma Ginzoren laguntzarekin.
Software libreko hainbat proiektu garrantzitsuren euskarazko itzulpenei bultzada jarraitua emateagatik egin ziren ezagun. Esaterako, mantendu zituzten euskaratzeen artean daude OpenOffice.org bulegotika suitea, eta Gnome eta KDE mahaigain inguruneak, LyX testu-prozesadorea, Cinelerra bideo-editorea, eta beste asko.
Teknologia berrietan edukia euskaraz hedatzeko helburua zuen podcast bat ere izan zuen EuskalGNUk. Egin zituzten zortzi saioak Audacity soinu-editore librearekin editatu zituzten, eta atzeko planoan erabilitako abesti guztiak Creative Commons lizentziapekoak ziren, Jamendo webgunetik deskargatutakoak.
2012 urtearen amaieran desegin zen EuskalGNU elkartea. Haiek mantendutako proiektuetako batzuen ardura Librezalek hartu zuen. Adibidez, 2010ean OpenOffice proiektutik sortutako LibreOffice bulegotika suitea euskaratzeari ekin zioten. Itzulpenaz gain Xuxen instalatzeko zeuden arazoak konpondu zituzten, hitz-zatikatzailea gehitu, eta Xuxen pakete berria LibreOfficeren luzapenen webgunera igo zuten. EuskalGNUko kide izandako Iñaki Larrañaga “Dooteo”-k jarraitu zuen Gnome mahaigain-ingurunearen itzulpenaren ardurarekin, Librezaleko kideen laguntzarekin.
Iturriak:
- EuskalGNU joan zaigu – Librezale
- Proiektu berriak Librezalen – Librezale