1996ko azaroaren 22an Informatikari Euskaldunen I. topaketak egin zituzten UEUko Informatika Sailak antolatuta, Donostiako Miramar Jauregian. Hasiera batean 50 lagun inguru espero bazituzten ere, 135 pertsona bertaratu ziren azkenean. “Euskarazko softwarea gaur egun” lemapean euskal komunitatean nabaritzen ziren software-gabezi eta beharrak, esperientziak… aztertu zituzten buruturiko zortzi hitzaldi eta amaierako mahai-inguruan.
Montse Martixalar UEUko Informatikako sailburuak Elhuyar aldizkarian argitaratutako kronikan nabarmen ageri da euskarak eta softwareak zuten harreman (ezak) parte-hartzaileen artean sortutako kezka:
Nola da posible Eusko Jaurlaritzak Windows 95 eta Word 6.0 euskaratzeko hainbeste milioi gastatu ondoren, eskoletara ordenadore berriak banatzean erdarazko bertsioa bakarrik bidaltzea? (D eredukoak barne); nola da posible informatika saltzaile eta banatzaile askoren ezjakintasuna, edo zabarkeria, euskarazko produktuei dagokienez? (“¿Qué pide? – Pero si en euskara no hay nada”); nola gerta liteke euskaldunok, geuk, erdarazko bertsioak eskatzea gure lantokietan? (“Euskaraz zailago omen da eta”).
Iturriak:
- Informatikari Euskaldunen I. Topaketak – Elhuyar
- Informatika eta euskara: gaur egungo arazoak eta aurrera jotzeko bideak – Uztaro 20, 1997
- Informatikari Euskaldunen Bilkurak – Euskarazko Wikipedia