Slop, “adimen artifizial sortzaileak sortutako eduki kaskarra” (alegia, AA bidez sortutako zaborra). Horrela definitzen du Wikipediak duela gutxi hiztegian gehitutako neologismoa. The Guardian hedabideak dioenez, besteak beste, Simon Willison garatzaileari (Django kode irekiko framework-aren sortzaileetako bat) egozten zaio terminoaren lehen zabalkundea.
Azkenean, Interneten ekonomia berri honek bultzatutako joerari izena jarri behar izan diote. Kontsumitzaileen arreta harrapatzea ezinbesteko bihurtzen denean, helburuak bitartekoak justifikatzen ditu. Hortaz, horrenbeste miresten ditugun eduki sortzaileek kantitatea kalitatearen aurretik jartzen dute. Eta bitartean, energia eta ur kontsumoa ikaragarria da.
Pandemia ondorengo lehenengo Euskarabildua Jardunaldien leloa hau zen: “Zenbat kutsatzen du like batek?”. Hiru urte baino gehiago pasa dira dagoeneko, baina galdera inoiz baino gaurkoagoa da. Akaso hausnarketa bera berreskuratu beharko genuke. Akaso milioika giga zabor sortzeak dakarren kutsaduraz gain, eduki zurrunbiloak eragindako arazo psikosozialak ere kontutan hartu beharko genituzke.
Noizbehinka burutik pasatzen zait ez ote den hobe ordenagailua behin betiko itzali eta mendian bizitzea, baina ezin dugu errealitateari bizkarra emanda bizi, batzuetan arrotza bazaigu ere. Beraz, slop bezalako terminoak ezagutzeak gaur egungo errealitatea hobeto ulertu eta arazoak identifikatzen laguntzen didate.
Aukera aprobetxatuta, UZEIren Neolotekan euskarazko neologismo berrien bila hasi naiz, eta gaur egungo testuinguru teknologikoa eta digitala ulertzeko interesgarriak egin zaizkidan kontzeptu batzuk zerrendatu ditut:
Karbono-aztarna digitala: Gailu digitalak eta hodeiko zerbitzuak erabiltzearen ondoriozko karbono-aztarna.
Teknofeudalismoa: Plataforma teknologiko handiek, besteak beste, gobernuen kontrol faltarengatik, gehiegizko boterea metatzen duten sistema sozioekonomikoa. Horrelako sistemetan, herritarrak plataforma horien erabiltzaile hutsak dira, eta ez dira erabiltzen dituzten baliabide digitalen edo sortzen dituzten datuen jabe.
Ziberzaintza: Ingurune digitaleko jarduerak, datuak eta komunikazioak monitorizatzea, biltzea eta aztertzea. Zilegi den helburu batekin egin daiteke (hala nola zibererasoei aurrea hartzeko), bai eta badaezpadako helburu batekin ere (hala nola pribatutasuna urratuz informazioa eskuratzeko).
Teknofobia: Teknologiaren aurkako jarrera.
Egia esan, errealitatearen isla badira ere, nahiko termino katastrofistak iruditzen zaizkit. Horregatik, euskarazko hiztegietatik haratago ikertuz, positiboagoak diren kontzeptuak miatzen hasi naiz. Wikipedia eta beste iturri batzuk aztertuz, hurrengoak hautatu ditut:
Digital Commons: Ondasun digital komunak sortzearen aldeko kontzeptua, modu kolektiboan kudeatuta informaziorako eta teknologiarako sarbide zuzena bermatzeko, ekonomia digital bidezkoagoa eta iraunkorragoa sustatuz.
Gobernantza digitala (edo Interneten gobernantza): Interneten funtzionamendurako arauak eta printzipioak ezarri nahi dituzten marko eta politika publikoak, ingurune digitalean eskubideak babesteko.
Fedibertsoa: Elkarren artean komunikatzeko gai diren software librearekin eta zerbitzari federatuekin eraikitako sare sozialen ekosistema.
Identitate burujabea (Self-Sovereign Identity, SSI): Identitate digitala kudeatzeko eredua, non pertsona bakoitzak bere kredentzialak erabat kontrolatzen dituen, bitartekaririk gabe.
Aro digital berri honetan proposatzen zaizkigun aukera hegemonikoetatik harago begiratu beharko genuke, eta gizarte gisa hobetzeko alternatibak ezagutu. Ez da erraza korrontearen kontra joatea, eta batzuetan kosta egiten da horretarako bitartekoak aurkitzea, baina egon badaude. Horregatik, teknologia burujabetzak eskaintzen dizkigun aukerak gizarteratzeak (besteak beste, kontzeptu hauek zabalduz) kontzientzia digitala eraikitzen lagun dezake.