1993ko apirilaren 30ean webguneak sortu, ostatatu eta bisitatzeko beharrezko softwarea domeinu publikoan jarri zuen CERNek, web libre eta irekiari hasiera emanez: sarera konektatutako ordenagailu bat eta ezagutza teknikoak zituen edonork sortu zezakeen webgune bat.
Gaur egun erabiltzen dugun webguneen sarearen lehen proposamena 1989an egin zuen Tim Berners-Lee zientzialariak Suitza eta Frantzia artean kokatutako CERN fisikako ikerketa gunean. Helburua mundu osoko unibertsitateen eta zientzialarien arteko informazio trukea erraztu eta automatizatzea zen. 1990 urte amaierarako oinarrizko nabigatzaile eta zerbitzaria garatu zituen, baita gaur egun arte iraun duten oinarriak zehaztu ere: HTTP protokoloa, URL helbideak, HTML lengoaia…
Historiako lehen webgunea 1991ko abuztuaren 6an egin zuen publiko. Berners-Leeren CERNeko ordenagailuan ostatatuta zegoen eta World Wide Web proiektuaren berri ematen zuen. Berriz ere ikusgai jarri zuen CERNek 2013an: info.cern.ch.
Berners-Lee ez zen saiatu bere asmakizunarekin dirua irabazten, eta baztertu egin zituen CERNen teknologia patentatzeko asmoak. Weba irekia eta librea izatea nahi zuen, ahalik eta azkarren zabal zedin. Geroago esan zuen bezala, “Teknologia patentatu izan balitz, eta nire kontrolpean geratu, ziurrenik ez zen erabilera zabalduko. Ezin duzu proposatu zerbait esparru unibertsala izatea eta, aldi berean, haren kontrolari eutsi”.
Iturriak:
- Web libre eta irekiak 30 urte – Hodeia ez da existitzen
- 30 years of a free and open Web – CERN
- Licensing the Web For everyone – CERN