Hodeia ez da existitzen atarian Tutorialak eta Eragileen plaza gehitu dugu

Euskal komunitate digitala · HEDE · Software librea

‘Hodeia ez da existitzen’ webgunea teknologia burujabetzari buruzko informazioa aurkitzeko gunea da. Bertan aurki daiteke teknologiari lotuta sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko, erabiltzen ditugun gailuen erabilera egokia egiteko eta euskarazko baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko informazioa, ezaugarri komun batekin; nagusi ez diren teknologia alternatiboei buruzko edukiak dira edo/eta teknologia libreekin zerikusia dutenak.

Azken urteetan hainbat jauzi kualitatibo eman ditugu: behategi digitala sortu dugu, RSS jarioa gehitu dugu eta Telegram kanala edo Efemerideak eta Agenda atalak sortu ditugu, informazioa argitaratzen jarraitzeaz gain.

Aurtengoan pixkanaka gero eta erreferentzialagoa bilakatzen ari den gune hau are eta erreferentzialago bihur dadin ‘Software librearen tutorialak’ eta ‘Eragileen plaza’ atalak gehitu dizkiogu.

Software librearen tutorialak

Atal honen helburua software libreari buruzko tutorialak sustatzea da. Hau da, tresna zehatzen erabilerari buruzko aholkuak, bitxikeriak, xehetasunak eta abar biltzen dituen gunea sortzea. Tutorial batzuk erabiltzaile arruntari zuzenduak daude eta beste batzuk teknikoagoak dira, publiko xede profesionalago bati zuzenduak.

Eragileen plaza

Eragileen plaza teknologia burujabetzarekin nolabaiteko erlazioa duten elkarte, kooperatiba, enpresa edo taldeak identifikatzen laguntzeko atala da. Izan software librea erabiltzeko hautua egin dutelako, izan teknologia burujabetza aktiboki bultzatzen dutelako. Atala komunitateari irekita dago, eta eragile berriak proposatzeko aukera ere badago.

Batu zaitez teknologia burujabetzaren sarera!