Jaurlaritzak baztertu egin du ikastetxeei software libreko sistema eragileak eskaintzea

Eusko LegebiltzarrahezIRADILuberriSoftware libreaTxikilinux

EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen sistema eragile libreak erabiltzeko aukera bermatzea, bai ordea software librez osatutako hezkuntza-plataforma digital integral bat garatzea.

EAEko Hezkuntza Sailak ikasleei helarazten dizkien ordenagailuek Microsoft Windows eta Google Chrome OS sistema eragile jabedunak izaten dituzte, eta administrazioak horiei soilik ematen die mantenu teknikoa. Software libreko sistema eragileak erabiltzea ez dago galarazita, baina ikastetxeko
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) arloko arduradunek beren gain hartu behar izaten dute gailuetan instalatzeko, konfiguratzeko eta mantentzeko lana.

2024ko otsailean, Eusko Legebiltzarrean, beren esperientzia azaldu zuten Luberri Linux sistema eragile libre eta euskalduna erabiltzen duten hainbat ikastetxetako arduradunek. Irungo Hirubide BHIko Iñigo Gebarak gogoratu zuen leku askotan hezkuntzarako prestatutako GNU/Linux banaketak administrazio publikoak sortzen dituela, esaterako Madril, Valentzia edo Frantzian, eta gurean komunitateak egiten badu ere, administrazioaren lana izan beharko lukeela.

Ildo horretatik, legez besteko proposamena aurkeztu du EH Bilduko Lore Martinez Axpek, 2024/25 ikasturtean hezkuntzan erabiltzen diren ordenagailuetan Luberri edo Txikilinux bezalako sistema eragile libreak era planifikatu batean ezarri eta mantenua ematea eskatzeko, sistema pribatiboentzat egiten den baldintza eta erraztasun berdinekin.

Martinez Axpek argudiatu du software libreak soilik betetzen duela Hezkuntza Lege Berrian adierazitakoa, ez Google edo Microsoften software pribatiboak: “Digitalizazio etikoa eta arduratsua. Pertsonen aukera-berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lortu baitaiteke, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta egin beharko baita.”

Horrez gain, EH Bilduko parlamentariak azpimarratu du Datuen Babeserako Euskal Agintaritzak espedientea ireki ziola Jaurlaritzari, Google Workspace for Education plataforma erabiltzeko sinatutako hitzarmenean ikasleen datu-babesa urratzeagatik.

EAJ-k eta PSE-EE-k aurkeztu duten eta bien babesarekin aurrera atera den osoko zuzenketan ez da jasotzen sistema eragile libreak erabiltzeko aukera bermatzea. Bai ordea “digitalizazio etiko eta arduratsuaren aldeko apustua egitea software libreko soluzio teknologikoz osatutako hezkuntza-plataforma digital integral bat garatuz”, eta “tresnen osagarritasun-printzipioa eta ikastetxeen autonomia errespetatuz”.

Osoko zuzenketan aipatzen den software libreko tresnez osatutako hezkuntza-plataforma digitala IRADI da. Hezkuntza Sailak sustatutako plataformak Nextcloud, Moodle eta posta elektronikoa ditu oinarrian. EAEko hainbat ikastetxetan hasiak dira programa pilotu batean erabiltzen, UEUk antolatutako Mooteu24 topaketako hitzaldi batean azaldu zuten bezala.

PSE-EE-ko Estíbaliz Canto Llorenteren arabera, software libreak onura asko dituen arren, erabilera orokortua eragozten duten bi oztopo nabarmen ditu: segurtasuna eta mantenua. Bere ustez bi munduetako onena konbinatu behar da, eta ez da egokia “software libre, ona; gainerako plataformak txarra” bezalako etiketak jartzea.

EAJ-ko Aitor Urrutia Oiangurenek ere software librearen eta pribatiboaren osagarritasuna defendatu du. Bide horretan ikusten du IRADI programa. Martinez Axperi erantzunez, esan du ez duela egoki ikusten “homologatu eta ez homologatua berdindu nahi izatea”, hurrenez hurren sistema eragile pribatibo eta libreei erreferentzia eginez.

Jarraian, Lore Martinez Axpek bi informazio eskaera erregistratu ditu, bat Microsoft Windows eta Google ChromeOS sistema eragileen homologazioari buruzko informazio eta dokumentazio osoa eskatuz, eta bestea Hezkuntza sailak ordenagailuen sistema eragilea homologatzeko duen protokoloaren ingurukoa.