DeepSeek tresna txinatarrak adimen artifizialaren (AA) munduan eragindako lurrikara eta sektorearen egoera ditu aztergai Manuela Battaglinik iritzi-artikulu honetan. Geroztik Elon Musk-ek OpenAI erosteko 97.400 milioi dolarreko eskaintza egin badu ere, ez du aktualitatea galdu. Abokatua da Battaglini, eta marketinean eta komunikazio digitalean aditua. Etika digitalari buruz, gobernu eta administrazio publikoentzat aholkulari lanetan aritu izan da. Eskubide Digitalen Espainiako Gutunaren egileetako bat izan zen eta Transparent Internet erakundeko zuzendaria da. Egun, Adimen Artifizialean doktoretza egiten ari da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. 2024ko Euskarabildua Jardunaldietan “Ziberespazioaren gobernantza demokratikoa” hitzaldia eman zuen. Egilearen baimenarekin itzulia.
2025eko urtarrilaren 20an, DeepSeek erabilgarri jarri zuten. Hizkuntza-eredu horrek, artikulu honetan zehatzago azalduko dudan moduan, OpenAI-o1-en pareko errendimendua du, baina denbora gutxiagoan garatu dute, askoz diru gutxiagorekin, konputazio-ahalmen gutxiagorekin eta azken belaunaldikoak ez diren txipekin, NVIDIAren azken belaunaldiko txipak Txinara esportatzeko kontrolak ezarri baitzituen Biden administrazioak.
Sam Altman-ek egun berean eman zuen Startgate proiektuaren berri, eta datozen lau urteetan 500 mila milioi dolar bildu nahi ditu, AEBn AAren inguruan azpiegitura berri bat eraikitzeko. Hasierako kapital inbertsioak egingo dituztenak Softbank, OpenAI, Oracle eta MGX izango dira.
Proiektuaren helburua AEB osoan zehar datu-zentroak sortzea da, Texasetik hasita eta, noski, azken belaunaldiko txipak erabiliz. Horregatik da NVIDIA bazkide teknologikoetako bat, Microsoft, Arm eta Oracle-rekin batera.
Laburbilduz, DeepSeek-ek iraultza ekonomikoa ekarri du irudika ezinak diren esajerazio eta zifren mundu horretan, baina ez da iraultza teknologikoa.
Goazen atalka:
1. Hasieratik testuinguruan jartzeko:
1. DeepSeek iraultza bat da, baina ez teknologikoa, ekonomikoa baizik.
2. Bere eredua besteak bezain azkarra da, baina pikutara bidali du erraldoi teknologikoen kontakizuna, hau da:
(i) Ez dira bilioika dolar behar ereduak entrenatzeko
(ii) Ez dago potentzia konputazional handiagoan inbertitu beharrik; beraz, ez da beharrezkoa mega datu-zentro horiek eraikitzea.
(iii) Ez dira beharrezkoak azken belaunaldiko NVIDIA txip kopuru ikaragarri horiek ere.
Sufrituko dutenak OpenAI eta Anthropic (ChatGPT eta Googleren eredua) dira, euren negozio eredua eta dirua egiteko modua hondatu dituelako.
3. Gainerako ereduen aluzinazio-arazo tekniko berberak ditu.
2. AEBen kontrola Txinari
Biden administrazioak esportazio kontrol zorrotzak proposatu zituen, zehazki, hiru mailako esparru bat, Txinari teknologia kritikoetarako sarbidea mugatzeko, honako hauek:
(i) AAko txip aurreratuak,
(ii) AAren eredu eta parametro patentatuak eta
(iii) erdieroaleak fabrikatzeko ekipoak.
Orain arte, kontrol horiek ez dute arrakasta handirik izan, eta baliteke eragin paradoxikoak eduki izana ere. Txina egunean jarri zen, kontrolak egon arren, eta, gehiago saiatu behar izan zuen eraginkortasun-irabazi garrantzitsuak lortzeko, beharra asmakuntzaren ama delako.
3. Txinatar estrategia vs estrategia estatubatuarra
Txinatarrek argi izan zuten hasieratik, eta hala adierazi zuen Robin Li-k, Baiduko buruak, teknologiari buruzko Txinako kanal batean egindako elkarrizketan. Haiena prezioen gerra izango dela adierazi zuen, ez ereduen tamainarena.
Horrek eragin zuzena izan du gauza batean: garapenean eta arkitektura-mailako berrikuntzan inbertitutako diruan; azken hori gero eta murritzagoa da Amerikako big tech enpresetan, obsesionatuago baitaude boterea metatzearekin aplikazioen berrikuntzaren bidez, produktu liluragarriak sortzearekin baino.
Hainbesterakoa izan da, ze Silicon Valleyko jeinuek ere sakonki miresten dituztela DeepSeek V2-ren artikulu zientifikoan agertutako ezagutzak, jeinu paregabeek jakituria harrigarriarekin idatzita dagoela esatera iritsiz.
Zergatik jaitsi dituzte prezioak? Lian Wenfeng Deepseek-eko buruak elkarrizketa batean esan zuen erabiltzaileak ehizatzea ez zela bere helburu nagusia. Prezioak jaitsi zituzten, batetik, hurrengo belaunaldiko ereduen arkitekturak esploratzen ari ziren bitartean kostuek behera egin zutelako eta, bestetik, APIak zein AAk denontzat irisgarriak eta eskuragarriak izatea nahi zutelako.
Galdera da, zergatik bilatu dituzte eredu egitura berriak? Bada, haien helburua AA sortzailea delako, eta horretarako ikertu beharra daukate nola lortu eredu ahaltsuagoak baliabide mugatuekin.
Aplikazioetan soilik zentratu nahi balute, nahikoa lukete Llamaren egitura (Meta eredua) kopiatzea, produktua azkar sortzeko.
4. DeepSeek kode irekikoa edo pisu irekikoa da?
DeepSeek ez da kode irekiko eredu bat. Horretarako, erakutsi egin behar lituzkete (i) entrenatzeko eta ebaluatzeko datuak, (ii) kodea, (iii) arkitekturaren eredua eta (iv) pisuen eredua.
“Pisu irekien” eredua da DeepSeek. Pisuak eta arkitektura eredua ezagutzen ditugu, baina ez dakigu ezer datuei eta kodeari buruz.
AA sistema irekiek gardentasuna, berrerabilgarritasuna eta hedagarritasuna eskaintzen dituzte: hau da, aztertu, berrerabili eta eraiki daiteke haien gainean hainbat mailatan.
AA irekiko ereduen iragarpenen inguruan aurkitu daitekeen guztiak normalean ez du zehaztasun teknikorik, eta AA sistemaren zikloa inplementatzeko garapen-prozesuaren zati batean baino ez dira zentratzen.
Izan ere, ereduak irekitzearen inguruko narratibak areagotu egiten du AAren munduan dagoen botere-kontzentrazioa, narratiba horren atzean ezkutatzen baitira AAk erregulaziotik salbuetsita egon behar lukeela edo lizentzia edo esportazio-kontrol zorrotzen mende egon behar lukeela dioten argudioak.
Beraz, kode irekiko AA terminoa marketin-estrategia gisa erabiltzen da, termino tekniko gisa baino gehiago.
5. Kostua
5,5 milioi dolarreko kostuan azken geruza sartzen da soilik, ez entrenamenduak, datuak, arkitekturak eta aurreko algoritmoak. Kode irekia terminoarekin bezala gertatzen da.
Beraz, ez da posible, eta ez du zentzurik DeepSeek kantitate hori erabiliz erreplikatzea. Baina egia da frogatu dutela posible dela AA-ereduak orain arte egin dena baino askoz modu merkeagoan entrenatzea.
Baina, nor ateratzen da galtzaile? Big tech guztiak? Ez, soilik jabedun ereduak dituztenak, hau da, OpenAI, Anthrophic…, alegia, negozio-eredua desmuntatu dietenak. NVIDIA ere ez da galtzen ari, txipen eskaria, azken belaunaldikoa ez bada ere, ez baita jaitsiko.
Imajinatzen dut Microsoft pozik egongo dela egoera honekin, nazkatzen hasiak baitira Sam Altman-en promesekin eta inbertsioaren itzulerarik gabe urtero xahutzen dituen milioiekin.
6. Hype-a
AEBetako burtsa-merkatuaren balorazioaren zati handi bat adimen artifizialaren promesean oinarritzen da, edo hype-an, zeina, jakina denez, negozio-eredu bat baita bere horretan.
Hype-a orduan eta jende gehiagok sinistu, orduan eta erabilera handiagoa. Horrek inbertsio gehiago erakartzen du edota saltzeko eskaintza publiko (IPO) handiagoa. Microsoft/Amazon/Meta/Google, “hipereskalatzaile” bezala ere ezagunak, ehunka mila milioi dolar inbertitzen ari dira datu-zentro gehiago erosteko eta sare elektrikoa berridazten ere ari dira, Three Mile Island-en erreaktore nuklearra berrabiaraztea barne. Baina, egon!
Erreaktore nuklearra? Ikus dezagun dakitenek zer dioten.
Energia nuklearra berez garestiagoa dela dio Danny Rice Net Power enpresako zuzendari exekutiboak. Eta denbora ez dago bere alde. Mundu guztia optimista da, zuhurtziaz bada ere, 2030eko hamarkadaren hasieran zentral nuklear berriak ikusiko ditugula, baina energiaren industriaren bilioidun horrek susmatzen du ziur aski ez dugula benetako zentral nuklear berririk ikusiko, nahi dugun eskalan eta prezioan, 2030eko hamarkadaren amaierara arte, eta horrek esan nahi du olatu hori galduko dela.
7. Burtsa-merkatua
Mila milioi dolar baino gehiago galdu dira merkatuko balioan, gehiena Nvidia-k, DeepSeek-ek erakutsi baitu superinteligentziarako bidezidorra egon daitekeela, Nvidiaren txipetan milaka milioi dolar gastatu beharrik gabe.
Egun batean gertatutako jaitsiera handienetakoak izan zituzten AEBetako energia, zerbitzu publiko eta gas naturaleko enpresen akzioek urtarrilaren 27an. Horren atzean dago DeepSeek enpresa txinatarraren AA teknologia berriak zalantzan jarri izana AEBetako elektrizitate eskarian eta teknologia gastuan aurreikusitako igoera.
AEBetako balore-merkatu osoa enpresa gutxi batzuen mende dago, eta enpresa horien balioa orain arte benetan dirurik eman ez duen, eta horretarako bide argirik ez duen, hype-ean oinarritutako teknologia baten menpekoa da.
Beraz, horrek ez du erakusten merkatuaren egituraren hauskortasuna, baizik eta aberastasunaren eraketaren hauskortasuna, oso ekintza kopuru txikian oinarrituta baitago. Zenbat aberastasun dator NVIDIA-tik? 3 bilioi dolarreko kapitalizazioa, eta diru horretatik asko oso berria da. Beraz, oraintxe bertan egitura ekonomikoa zein hauskorra den erakusten digu, hain zuzen ere horregatik.
Eta baliteke hau jendea errealitateaz jabetzearen hasiera izatea, konturatu baitira teknologia hau ez dela uste bezain perfektua ezta hutsik gabekoa ere, hype-aren eraginez.
8. Geopolitika
Honek inplikazio geopolitikoak ditu, DeepSeek-ek erakutsi baitu ChatGPT-4-ren parekoa den eredu bat entrenatu dezakeela askoz denbora, txip eta potentzia konputazional gutxiagorekin. Horrek txipen diplomazia arriskuan jartzen du, AEB-etako politikan funtsezko elementua dena: Estatu Batuek onartu dute Nvidiaren azken belaunaldiko txipak G42-ri saltzea, Arabiar Emirerri Batuek adimen artifizialean munduko lider bihurtzeko egiten dituzten ahaleginen erdigunean dagoen enpresari.
Arabiar Emirerri Batuak, eta, oro har, Golkoko eskualdeak, zentro teknologiko global gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari dira. Hala ere, Txinarekiko loturek AEBei eragindako zalantzak oztopo izan dira funtsezko aktiboak eskuratzeko, hala nola, azken belaunaldiko txipak, Estatu Batuek eskualdera esportatzeko mugak jartzen baitzituzten. Azkenean, Arabiar Emirerriek amore eman zuten eta Txinarekin zuten amodioa hautsi zuten.
Gainera, 2024ko apirilean, Microsoftek 1.500 milioi dolarreko inbertsioa egin zuen G42n. Microsofteko presidente Brad Smith G42ko zuzendaritza batzordera batu zen.
Ikus daitekeenez, merkatu teknologikoaren boterea, botere politikoa ez ezik, botere geopolitikoa ere bada. Horregatik, gaizki hezitako laranjak bere bazkideak aberatsago egin nahi dituela esaten dutenean, ez da hori bakarrik. Hori oso azalekoa da, literalki, mundua menderatu nahi du bere bazkide teknologikoen bidez. Berriz ere, botere kontzentrazioa esku gutxitan.
9 Konpetentzia eta anti-monopolioa
Monopolioaren eta lehiaren defentsaren ikuspegitik, esaten da monopolioak hausteak eta arautzeak berrikuntza zapuzten duela. Baina historiak eta esperientziak erakusten dute monopolioak traketsak direla, eta burokrazian eta inertzian murgilduta daudenez, ezin dituztela aurrerapen teknologiko iraultzaileak sortu, baliabideen egarri diren enpresa emergenteek egin ohi duten bezala. Burokrazian murgilduta dauden enpresa handi horiek boterea eta eragin politikoa pilatu besterik ez dute nahi, baina handiegiak dira beren erabiltzaileak eta berrikuntzak axola izateko.
Prozesu burokratiko amaigabeetan murgilduta dauden ehunka mila langileko munstro bilakatu dira big tech deituak.
AEBen politikak monopolioak sortzea bultzatzen du, eta Txinako politikak askoz modu oldarkorragoan bultzatzen du berrikuntza.
Galdera serioa: Beharrezkoa al da eskaerarik egon gabe hainbeste AA sortzea? Goldman Sachs-ek ohartarazi zuen hori “Too much spend, too little benefit?” txosten famatuan.
Kontua da, porrot egin duela Sam Altman Open AI-ko buruak defendatutako narratibak: eredu handiagoak sortzeko datu gehiago, botere konputazional handiagoa eta txip gehiago behar direla. AAren burbuila puztu zen premisa horretan oinarrituta: eredu horiek ezin ziren eraiki diru-kantitate izugarriak erabili gabe, sare elektrikoa gainkargatu gabe eta emisioen helburuak gainditu gabe, eta kostu horiek beharrezkoak ziren “AA indartsu” bat sortzeko.
Baliteke burbuila zulatzen hasi izana DeepSeek R1-en iragarpena estrategikoki egin delako, gaizki hezitako laranjak Stargate proiektua aurkeztu duen aste berean. Jakina, hori ez da egia.
Eta orain hainbat inbertitzaile oso zentzuzkoa den galdera egiten ari dira: “200.000 milioi dolar alferrik galdu berri ditugu?”
Gainera, DeepSeek-en ereduak (V3 eta R1) eraginkorragoak dira (eta, ondorioz, exekutatzeko merkeagoak), eta OpenAI-renak baino prezio astronomikoki merkeagoetan eskuratu daitezke APIaren bidez.
Tira, OpenAI-ren negozio-eredua pikutara joan dela, oraindik bere ereduarekin negozioa egitea lortu gabe zuenean. OpenAI-k egin duen bakarra dirutzak erretzea izan da. Eta Sam Altman-ek batere lotsarik gabe esan du hori gutxienekoa dela.
Horrelako baieztapenek erakusten dute Silicon Valley-n gezurrak, gezurrak eta gezur gehiago esatea dela benetan balio duena, beti izango baitira gezur horiek sinesten dituzten ergelak. Balore-merkatuek eta diru-kopuru izugarriak jartzen dituzten inbertitzaileak egon daitezen beharrezkoa da, neurri batean, jainko teknologikoen olinpoko kide izatea eta munduak hartuko duen norabidea diseinatuko duten gutxi horietako bat izatea helburutzat dituen tipo honen gezurrak milaka eta milaka ergelek sinestea.
10. Pribatutasuna eta datuetarako sarbidea
DeepSeek-en erabilera-baldintzak irakurri beharra dago datu-xurgatzailea dela ikusteko. Baina “irekia” denez deskargatu daiteke eta zerbitzari lokalean instalatu, beraz ez dugu inorekin daturik partekatuko. Zein negargarria El País egunkariko artikulu hau: “DeepSeek ez da joko bat: Txinako AA berriaren pribatutasunerako arriskua”. Ezjakintasuna + gaitasunik eza. Eta ez dut jartzen estekarik trafikorik ez emateko.
11. Eragin soziala
Baina ez dezagun ahaztu eredu txinatar eta amerikar hauen ezaugarri bat: lapurtutako datuekin entrenatuta daude. Barregarria da Sam Altman negarrez ikustea, eredua eta ideiak lapurtu dizkiotela esanez, berak bere eredua sortzeko ordaindu gabe lapurtutako datuak erabili dituenean: artistenak, idazleenak, artikuluen egileenak, zientzialarienak, gure datu pertsonalak, egunkariak, beste plataformak, internet osoa?
Gaztelerazko esaera zaharrak dio lapur bati lapurtzen dionak ehun urteko barkamena duela, baina lapurra izaten jarraitzen du, kontuz!
Hau, Titanen Gerra bat da, guk ez dugu zer esanik, eta galtzen dutenak guztiok gara. Eta berriro esango dut: arazoa enpresa teknologiko gutxi batzuen botere-kontzentrazioa da. Gero eta desberdintasun ekonomiko handiagoak eragiten ari dira, botere politikoa eta geopolitikoa bereganatuz, eta diktadura korporatibista bat sortuz.
Monopolioak apurtzen ez baditugu, ez da inoiz berrikuntza sustatuko, prezioak igoko dira, kaleratzeak egongo dira, eta azkenean, biztanleriak pobretuta eta menderatuta amaituko du.
Eta beti esaten dizuedan bezala, edo enpresa gutxi batzuen esku dago boterea, edo demokrazia daukagu, baina bi gauzak ezin dira batera eduki, bateraezinak dira.
Ongi etorri baroi lapurren aro berrira.