Whatsapp-a ez da izango EAEko Hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eusko LegebiltzarrahezkuntzaPosta elektronikoaSMSSoftware libreaWhatsapp

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera komunikaziorako bide gehiago erabili ahal izatea bermatuko du EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin onartutako legez besteko proposamenak.

EH Bilduko Lore Martinez Axpek aurkeztutako legez besteko proposamenean dioen bezala Whatsapp Meta estatubatuar teknologia multinazional teknologikoaren aplikazio bat da. Komeni da gogoratzea Whatsappek 225 milioi euroko isuna jaso zuela 2021eko irailean, ez zegoelako argi zer datu pertsonal biltzen zituen, ezta Facebookekin ze informazio partekatzen zuen ere. Horrez gain, oposizioetan parte hartzeko komunikaziorako bide bakarra Whatsapp izateak aplikazio hori instalatzera behartzen ditu hautagaiak. Are gehiago, telefono adimendun bat izatea ere derrigorrezko bihurtzen du.

Arazoari konponbidea emateko posta elektronikoa erabiltzeko aukera bermatzeko eskatu du Lore Martinez Axpek, eta mugikorreko mezularitza aplikazioak erabiltzekotan aplikazio pribatuetara mugatu beharrean aplikazio libreen erabilpena ere bermatzea. Elkarrekin Podemoseko Isabel González Rodríguezek antzeko proposamenak egin ditu aurkeztu duen osoko zuzenketan.

Azkenean, otsailaren 14an EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin onartutako legez besteko proposamenak hainbat komunikazio bide bermatzen ditu: posta elektronikoa, Hezigune plataforma, SMSa, Whatsapp eta informazio-gune fisikoak. Garrantzitsua da horietako bi, SMSa eta posta elektronikoa, estandar irekietan oinarrituak egotea eta software libreko aplikazioen bidez erabili ahal izatea. Baita informazio-gune fisikoak eskaintzea ere, teknologia digitalik erabili nahi ez duten herritarrek ere aukera berdinak izan ditzaten. Onartutako proposamenak “software libreko aplikazioak ere erabiltzeko aukera eta egokitasuna” aztertzeko ere eskatzen dio Hezkuntza Sailari, eta sei hilabeteko epean Legebiltzarrari azterketa horien berri emateko.