Europako administrazio publikoak, software libreari begira

Teknopata.eus
https://teknopata.eus/2025/06/europako-administrazio-publikoak-software-libreari-begira/

Teknopata.eus-en azaldu duten bezala, azken aldaketa geopolitikoek Europar administrazio publikoetan burujabetza digitalaren aldeko urratsak bizkortzen ari dira. Trumpen eta Musk-en adibideek agerian utzi dute zein arriskutsua den komunikazio eta informazio azpiegiturak AEBetako enpresa pribatuen esku uztea. Horren adibide da, besteak beste, Microsoftek Nazioarteko Auzitegi Kriminaleko fiskalen posta elektronikoetara sarbidea blokeatu izana, AEBetako presio politikoaren ondorioz.

Egoera horren aurrean, Alemaniako Schleswig-Holstein estatuak Microsoften zerbitzuei uko egin eta software librearen aldeko apustua egin du. Jadanik funtzionarioen erdiak LibreOffice sistema erabiltzen dute, eta hurrengo pausua Windows ere GNU/Linux sistemarekin ordezkatzea izango da. Danimarkak ere antzeko erabakia hartu du. Bi kasuetan helburua argia da: datuen kontrola eta azpiegitura informatikoen burujabetza publikoa berreskuratzea, herritarren segurtasuna eta autonomia bermatzeko.