Gorka Juliok Gaur8n idatzitako artikuluan, hezkuntzaren digitalizazioari buruzko hausnarketa orokorra egin du. Itxaropenerako azpimarragarriak diren informazioak aipatzen ditu batetik; EAEko hezkuntza digitalizatzeko plana esaterako, Seaskako zenbait ikastola tresna libreen alde egiten ari diren apustua, Ikastolen Elkarteak digitalizazioari dagokionez emandako norabide aldaketa edo Europako sistema eragile propioa EU OS sortzeko ahalegina. Bestetik berriz, kezkarako arrazoiak plazaratzen ditu; digitalizazio-planaren egokitzapenik egin ez izana edo IRADI proiektuaren behar bezalako garapen eza aipatuz. Era berean, subiranotasuna ez dela burujabetza dio, unibertsalizazioa, demokratizazioa eta pribatutasuna bermatzen ez badira.
Azkenik Gorka Juliok hezkuntzan software librea ezartzeko helburuarekin jaio diren eta martxan dauden bestelako esperientzia arrakastatsuak aipatzen ditu: Digital Democratic, EducaMadrid eta La Digitale, hain zuzen ere.