Efemerideak

duela 10 urte

.EUS domeinua onartu zuen ICANN erakundeak

2013ko ekainaren 14an, euskararen Interneteko ‘.eus’ domeinua onartu zuen ICANN erakundeak. PuntuEus fundazioak bultzatutako ekimena izan zen, eta 2014ko apirilean domeinua abian jarri eta ekainean aktibatu ziren lehen webguneak. PuntuEus fundazioak sei urte zeramatzan lanean, domeinua lortu asmoz. Honela adierazi zuten: “Iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .EUS lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat”.

Aurrez, 2005ean onartu zuen ICANNek ‘.cat’ domeinua. Katalanarena izan zen hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua mundu mailan. Euskararen ‘.eus’ domeinua onartu zuen egun berean eman zioten oniritzia galiziera sustatzeko sortutako ‘.gal’ domeinuari.

Efemeride honen zati bat CC BY-SA lizentziari esker ekarri da ARGIA.eus-en efemerideen kanaletik.

Iturriak:

Partekatu