Efemerideak

duela urte 1

Euskal Mastodon komunitateak Argia Saria jaso zuen

2023ko urtarrilaren 27an euskal Mastodon komunitateak Interneteko Argia Saria jaso zuen. Mastodon.jalgi.eus Izarkomek sortu zuen eta Mastodon.eus elkarlanean sortu zuten eragile hauek: PuntuEUS, Azkue Fundazioa, Iametza, Talaios eta Laborategia.eus. Horien izenean jaso zuten saria Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean egindako ekitaldian Lorea Arakistain, BeƱat Irasuegi, David Martinez, Yaiza Arrizabalaga, Asier Iturralde eta Eli Pombok.

Honela arrazoitu zuten saria Argiako lagunek:

Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan.

Txio hemen eta txio han gabiltza, baina txoria munduko bigarren pertsona aberatsenak erosi du, eta aurten ikusi dugu kristalezko kaiola gero eta estuagoa dela, agerian geratu baitira “garden” kolorez barnizatutako barroteak.

“Eta nik txoria nuen maite” pentsatzen dugunok, bihotzez eskertu dugu txoria eskuin muturraren bazka bihurtu den urtean sare sozialen zoologikoan beste animalia bat ezagutu izana: izan ere, software librearen militante euskaltzale batzuek jada 2018tik beste era bateko habitata martxan zeukaten.

Sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak, urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. Eta harrigarria bezain txalotzekoa da sare sozial honetako euskarazko bi komunitate horien artean ez dagoela borrokarik, giro ona dago eta elkarren artean federatuta daude.

 

Iturriak:

Partekatu