2006ko martxoaren 6an Firefoxerako Euskalbar tresna-barraren lehen bertsio egonkorra argitaratu zuen Juanan Pereira Varelak Internet & Euskadi webgunean. Hasiera batean euskara-gaztelera itzulpenak egitea errazten zuen Interneten eskuragarri zeuden hainbat hiztegi kontsultatuz: Euskalterm, Elhuyar, Hiztegia3000, Euskaltzaindia… Itzultzaileen, eta orokorrean euskara lan-tresna dutenen tresna kuttuna bihurtu zen, eta aurrerago garatzaile gehiago batu ziren proiektura: Asier Sarasua Garmendia, Julen Ruiz Aizpuru, Igor Leturia Azkarate, Mari Susperregi, eta beste asko. Horri esker software libreko tresna-barra teknologia berrietara egokitzen joan da, eta eskaintzen dituen hizkuntza pareak eta kontsultatu daitezkeen baliabideak ugaritu dira.
Iturriak:
- Euskalbar 1.0 bertsioa – Internet & Euskadi webgunearen Internet Archive-ko kopia
- Euskalbar 0.9 bertsioa Beta bertsioa – Internet & Euskadi webgunearen Internet Archive-ko kopia
- Euskalbar – Euskarazko Wikipedia
- Euskalbar iturburu-kodea – Github