2009ko urtarrilaren 30ean Interneteko Argia Saria jaso zuen Librezalek. 2003an sortutako taldeak euskara eta software librea ditu ardatz. Julen Ruiz Aizpuru eta Piarres Beobide kideek jaso zuten saria Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean egindako ekitaldian. Honela arrazoitu zuten saria Argiako lagunek:
2009ko Internet alorreko ARGIA SARIA nori eman erabakitzen hasi ginenean, berehala etorri zitzaigun burura modu irekian jarduten duen lan talde bat. Trukean ezer eskatu gabe, hainbat tresna informatiko euskaratu dituzte, tartean, Firefox 3 Interneteko nabigatzailea, joan den urteko ekainean munduko hizkuntza garrantzitsuenekin batera euskaraz eskuratu ahal izan genuena.
Geroz eta jende gehiagok erabiltzen du Firefox software librea ere, bide oparoa egiten ari da gure artean, besteak beste, saritu behar ditugun pertsonen lanari esker.
Komunitate aktiboa osatzen dute, komunitate euskaltzalea eta libertatearen zalea. Softwarearen bidez euskarari dimentsio globala eman Interneteko ARGIA SARIA LIBREZALE lan taldearentzat da.
Iturriak:
- ARGIA SARIAK 2009 Internet: Librezale – ARGIA
- Argia Sariak 2009 (laburpena) – ARGIA Multimedia
- Librezalek irabazi du Interneteko Argia Saria – Sustatu