Efemerideak

duela 6 urte

PeerTube bideo-plataforma libre eta federatuaren lehen bertsio egonkorra argitaratu zuten

2018ko urriaren 11n PeerTube bideo-plataforma libre eta federatuaren lehen bertsio egonkorra argitaratu zuten. 2014ean Frantziako irabazi asmorik gabeko Framasoft elkarteak Internet google-gabetzeko erronkari ekin zion. 2017rako hogeita hamar zerbitzu alternatibo prest zeuzkaten degooglisons-internet.org webgunean, baina ordezko etikorik gabeko tresna garrantzitsu bat falta zen: YouTube.

Hutsune hori betetzeko PeerTube proiektu pertsonal gisa garatzen ari  zen Chocobozzz kontratatu zuten lanaldi osoz, 2018ko martxorako beta bertsioa argitaratzeko asmoarekin. Lehen helburua lortuta, kontratua berritu nahi zioten garapenarekin jarraitzeko, baina horretarako finantziazioa falta zuten. Horregatik, auzolaguntza kanpaina abiarazi zuten, eta 53.000 euro lortu zituzten. Horri esker argitaratu zuten PeerTuberen lehen bertsio egonkorra.

Geroztik, Euskal Herrian hainbat plataforma sortu dira PeerTube erabiliz, esaterako, 2019eko urrian peertube.euskarabildua.eus, 2021eko ekainean bideoak.argia.eus, eta 2022ko urrian Abaraska taldearen PeerTube.eus.

Iturriak:

Partekatu