1994ko irailaren 29an, XUXEN aurkeztu zuten, euskararako lehen zuzentzaile ortografikoa. Elkarlanean sortu zuten UZEI-k, Baionako Hizkia enpresak eta EHUko IXA taldeak. Lehen bertsioa bi disketetan zabaltzen zen, garaiko bi sistema eragiletarako: Windows 3.0 eta Mac 7, eta gehien erabiltzen ziren bi testu-prozesadorerekin bateragarria zen: MS Word eta WordPerfect. Erabilpen profesionalera (administrazioa, itzultzaileak, idazleak…) zuzenduta zegoen eta, garaiko softwarearekin gertatu ohi zenez, garestia zen (deskatalogatuta dago orain, baina azken prezioa 84 €-koa zen).
Geroztik hainbat bertsio argitaratu dituzte, eta arrakasta handia du proiektuak. Lehenik CDetan banatzera pasatu ziren, eta aurrerago Eleka-Elhuyarren lanari esker web bidez deskargatzeko aukera zabaldu zuten. 2006an software libreko bertsioa argitaratu zuten, “nahi baino beranduago”, egileen esanetan.
Iturriak:
- XUXEN euskararako lehen zuzentzaile ortografikoa kaleratu berri dute – Euskaldunon Egunkaria, 1994ko irailaren 30eko 1.182. zenbakia
- Xuxenek 30 urte – Campusa Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria