1993ko abenduaren 16an Klaudio Harluxet hil zen, euskarazko informatikaren aitzindaria. Informatikari buruz euskaraz argitaratutako lehen artikuluak idatzi zituen. 1975ean Elhuyar aldizkarian argitaratutako “Informatikaren hiztegi laburra” artikuluan euskarazko 74 hitz proposatu zituen. 1977an beste artikulu bat argitaratu zuen aldizkari berean, RenĂ© Harluxet lehengusuarekin, informatikarekiko euskararen balizko zailtasuna gezurtatuz.
1939an Nafarroa Behereko Duzunaritze herrian jaioa, Parisen egin zituen ingeniari informatiko ikasketak. Frantziako hiriburuan IBM-rentzat lan egin ondoren, Baionara joan zen bizitzera familiarekin. Bertan SEI enpresa kooperatiboa sortu zuen, informatikan eta robotikan lan egiteko. Donostiako UZEI institutuan sistema informatiko bat jarri zuen abian hiztegiak hainbat hizkuntzatan argitaratu eta tratatzeko. 1990ean Hizkia enpresa sortu zuen hizkuntzaren prozesamenduaren arloan lan egiteko. 1994an XUXEN euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa argitaratu zuten Hizkiak, IXA taldeak eta UZEIk elkarlanean.
Iturriak:
- Klaudio Harluxet – Euskarazko Wikipedia
- “Informatikaren hiztegi laburra” artikulua Elhuyarren webgunearen Internet Archive-ko kopian