Ikastetxe bateko zuzendaria edo ikt arduraduna zara?
Zure ikasleak software librean hezi nahi dituzu?
Iradi proiektu pilotuan parte hartzeko aukera duzu maiatzaren 9ra arte.
Software librearen erabilera bultzatu eta teknologia burujabetzan hezteko ahaleginetan ari diren hainbat irakasle saiatu ezagutzen ditugu. Lerro hauek idazten ari naizela aprobetxatu nahi dut esateko plazerra dela horrelako profesional inplikatuak izatea euskal hezkuntza sistema publikoan. Nire eskerrik beroenak zuei guztioi. Horiei esker jakin dugu Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen IRADI egitasmo pilotuaren bigarren fasea zabaldu dela eta Hezkuntza sailak ikastetxe gehiagoren parte-hartzea bilatzen dutela.
Teknologia burujabetzaren informazio kanal hau sustatzen eta elikatzen dugunez, interesgarria iruditu zaigu informazio honen zabalkundean gure aletxoa jartzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik EAEko ikastetxeei zuzendu zaien eskutitzean jasotzen den bezala, IRADI software librean oinarritutako ekosistema digital propioa eraikitzea helburu duen egitasmo pilotua da.
2024-2025 ikasturtean 13 ikastetxek parte hartu dute eta 2025-2026 ikasturterako 12 ikastetxe gehiago hautatu nahi ditu Hezkuntza sailak.
Hautaketa prozesua hainbat irizpideren arabera egingo da:
- Ikastetxearen tamaina eta eskaintzen dituen etapak.
- Lurralde-kokapena, ordezkaritza orekatu bat bermatzeko.
- Hezkuntza Sailak bultzatutako beste proiektu batzuetan izandako parte-hartze aktiboa.
- Berrikuntza pedagogikorako eta digitalizazioarekiko konpromisoa.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek Berritzegune Nagusira zuzendu behar dute eskaera 2025eko maiatzaren 9a baino lehen.
Badirudi teknologia burujabetza eta software librea belaunaldi berriei gerturatzeko urratsa gero eta gertuago dagoela, Eusko Jaurlaritzak 2026-2027 ikasturtean IRADIren hedapen sistematikoa egitea aurreikusten baitu.
Hezkuntzak duen pisu estrategikoa oso handia da gizarte baten etorkizuneko izaera eta balioen transmisio eta hedapenari begira, baita gizarte oso baten ahalduntzea kontuan izanik. Beraz, IRADI bezalako egitasmo batean aurrerapausoak ematea eta bereziki praktikan jartzeko ortzi-muga begibistan izatea oso pozgarria da euskarazko baliabide digitalez hornitutako etorkizuna irudikatzen dugunontzat.