Online dendak sortzeko aukera ematen duen WooCommerce tresnaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana. Lokalizazio-lana egin ondoren, WordPressen gordailu ofizialean argitaratzea baino ez da geratzen.
WooCommerce WordPress-erako plugin bat da, eta erabiltzaileei online dendak sortu eta kudeatzeko aukera ematen die. Doakoa izanik, e-commerce funtzionaltasuna eransten dio WordPress webgune bati, produktuak gehitzeko, ordainketak jasotzeko, bidalketak kudeatzeko eta bezeroekin harremanak izateko tresna sendoak eskainiz. Bere erabilera erraza, malgutasuna eta komunitate zabalak munduko online denda gehienetan erabiltzen duten soluzio bihurtu dute.
WooCommerce tresnaren euskarazko lehen itzulpena 2016an egin zuen euskal komunitateko kide batek. Hala ere, azken urteetan inork ez zuen mantentzen, eta Iametzak itzultzeko lana bere gain hartu zuenean %30a soilik zegoen euskaratuta. Horren ondorioz, tresna erabili nahi zuten euskaldunek beste hizkuntza batean erabili behar zuten, esaterako ingelesez, gazteleraz edo frantsesez.
Ez da Iametzak egiten duen lehen itzulpena. Aurrez Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaratu zuten, baita OnlyOffice bulego-paketea eta bilduma digitalen kudeaketarako Omeka softwarea ere.
Aurrera begira WordPress-en itzulpen lanetan parte hartzen jarraitzeko asmoa adierazi du teknologia eta komunikazioa uztartzen dituen enpresak. “Bezeroentzat webguneak garatzeko erabiltzen dugunez, euskarazko itzulpenetan lagunduz komunitateari gure esker ona adierazi nahi diogu” adierazi du Eli Pombo Iametzako kudeatzaileak.


