Euskarazko 78 toki komunikabide batzen dituen Tokikom-ek bi erabaki iragarri ditu: batetik sare sozial korporatiboen presentzia murriztea, bestetik Mastodon instantzia propioa sortzea, tokiko hedabideentzat eta kazetarientzat: TKM.eus. Erabaki horiekin bat egin dute sare sozial toxikoak utzi eta Fedibertsora batzearen aldeko Goazen lagunok egitasmoarekin.
Tokikomeko Komunikazio eta IKT zuzendaria den Joxe Rojas adierazi duenez, aspalditik oso kezkatuta dabiltza sare sozial korporatiboek hartu duten bidearekin. “Desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mental eta fisikoaren gaineko kalteak gero eta nabarmenagoak” direla nabarmendu du, eta “gaiztotze prozesu hori” asko bizkortu dela azken urtebetean.
Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek hausnarketa horretan sakondu du: “Estatu Batuetako multinazionalek kontrolatutako sare sozialak plaza publiko gisa aurkeztu zaizkigu urteetan, baina ez dira, eta gero eta lerratuago daude euren jabeen interesen alde, erabiltzaileen kaltetan bada ere”. Hori dela eta, Tokikom taldearen X eta Facebook kontuetan edukiak argitaratzeari utzi diote, eta hedabideak animatu dituzte berdin egitera.
Hala ere, oraindik ere jende asko erakartzen dutenez, beharbada denbora batez taldeko hedabideek haietan presente jarraitu beharko dutela adierazi du Arantzabalek. Hori bai, argi utzi du gero eta beharrezkoa iruditzen zaiela jarduera soziala norbere kontrolpeko plataformen bidez egitea: “ildo editoriala geuk markatuta, eta ez AEBetako eskuin muturreko milioidun kapritxoso batek”.
Guzti horregatik, “aurrerapauso bat egiteko garaia” dela erabaki dute. Ez dute izan nahi “kakatza horren menpe” jardungo dutenak, ezta tokiko hedabideen informazioa han dagoelako euskaldunak plataforma horietara “gonbidatzen” dituztenak ere. Bi neurri iragarri dituzte. Batetik, toki komunikabideetan sare sozial korporatiboen presentzia murriztea, RAP elkartearen arauei jarraiki. ARGIAk 2023an ekin zion bide horri, Errenterian egindako Euskal Fedibertsoko topaketen ondoren. Bestetik, Mastodon nodo propioa sortzea tokiko hedabideentzat eta kazetarientzat: TKM.eus, Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoaren ereduari jarraituz.
“Aldaketa ez denez nolanahikoa”, prestakuntza eta gogoeta prozesuan ari dira Tokikomeko komunikabideak. Bien bitartean, Talaios Koop-ekin elkarlanean martxan jarri duten TKM.eus komunitate berrian 36 kontu sortu dituzte, tokiko hedabideen edukia automatikoki argitaratzeko. Irakurleei dei egin diete “gertuko informazioa algoritmo gaiztoetatik urrun” jarraitzeko. Horretarako, dagoeneko Fedibertsoan konturik ez dutenei gomendatu diete mastodon.eus edo mastodon.jalgi.eus euskal komunitate irekietan izena ematea.
“Sare toxikoak” uzteko deia egin du Goazen Lagunok ekimenak
Urtarrilaren 20an “sare toxikoak” utzi eta Fedibertsora jauzi egiteko deialdia egin du Goazen Lagunok ekimenak, “Internet gizatiarrago, askeago eta kolaboratiboago baten aldeko apustua eginez”. Kanpainarekin bat egin dute Euskal Herriko hainbat talde eta norbanakok. Haien artean daude, esaterako Abaraska taldea, EH KOM, Elkartenet, Mastodon.eus, Olatukoop, REAS Euskadi, Talaios Koop, TEKS Elkartea, Torrekua, eta Tokikom. Teknologia burujabetzaren “Hodeia ez da existitzen” guneak ere bat egin du ekimenarekin. Informazio gehiago eta atxikimendua adierazteko aukera GoazenLagunok.eus webgunean.