Egun, osasun aplikazioek eguneroko bizitzan eragin handia dute. Hilekoaren zikloak neurtzeko, bihotz-maiztasun eta loa kontrolatzeko, kirol jarduera erregistratzeko eta bestelako osasun parametroak jarraitzeko aplikazioak erabiltzea oso ohikoa bilakatu da. Osasun informazioarekin erlazionatutako aplikazioek 88.70 mila milioi dolarreko merkatu-balioa izatea aurreikusten du 2032rako Fortune Business Insights-en txostenak. Zer dago, ordea, balio horren atzean? Zein datu baliatzen dituzte aplikazio horiek?
Merkatu aplikazio gehienek ez dute datuak erabiltzeko politika argirik. Askok datu pertsonalak osasungintzatik kanpoko hirugarren enpresekin biltegiratzen eta merkaturatzen dituzte, eta horrek beste maila batzuetan eragin dezake. Erakunde publiko eta pribatuen arteko harreman gero eta arinagoak ere, ez du uzten pribatutasunaren mugak marko estu baten barruan mantentzen. Izan ere, pribatutasunaren inguruko erregulazioa berrikuntza teknologikorako trabatzat hartzen da askotan. Bestalde, elektronikoki sinatzen dutenari baiezkoa ematen dioten pertsonek pentsatu gabe egin ohi dute. Eta ez da arraroa, kontuan hartzen badugu pertsona batek, batez beste, 200 ordu baino gehiago beharko lituzkeela urtebetean bisitatzen dituen webguneen pribatutasun-politikak irakurtzeko.
2020. urtean, Wall Street Journal egunkariak osasun aplikazio eta datu pertsonalen pribatutasunaren inguruko ikerketa batean jakitera eman zuenez, hilekoaren jarraipena egiteko Flo aplikazioakhainbat datu Facebook-i saltzen zizkion. 100.000 jarraitzaile baino gehiago dituen App-ak hainbat datu pribatu eta intimo saldu zizkion 2019. urtean sare sozialari (esaterako, hilekoa jaisten zitzaien eguna, edo erabiltzaileek haurdun gelditzeko intentzioa zuten ala ez).
Ameriketako Estatu Batuetan, gai honen inguruko eztabaida areagotu zen 2022. urtean. Ekainean, AEBetako Gorte Gorenak bertan behera utzi zuen ‘Roe vs Wade’ bezala ezagutzen den epai historikoa, 1973tik herrialdean abortatzeko eskubidea bermatzen zuena. Hala, 36 milioi emakumek abortatzeko eskubidea galdu dute, haurdunaldia eteteko zerbitzuak eskaintzen dituen Planned Parenthood osasun erakundeak egindako ikerketa baten arabera. Auzi honen harira, kezka areagotu da, hilekoaren jarraipenerako aplikazioetatik bildutako datuak abortatzen saiatzen edo abortatzea pentsatzen ari den edonor zigortzeko erabil litezkeelako.
Honen aurrean ba al dago alternatibarik?
Datuen merkatuan murgildutako testuinguru honetan, ordea, badaude alternatiba libre arduratsuak. Euskal Herrian, hilekoaren erregistroaren kontrola eraman nahi duten erabiltzaileek Zikloan.eus web App-an topatu dezakete alternatiba burujabea. Aplikazioak hilekoaren erregistroa eskaintzen du, eredu feminista eta burujabe baten bidez. Ara!Gorputz kooperatibak eta Iametza teknologia enpresak sustatutako proiektua da Zikloan.eus aplikazioa. Ekimenaren sortzaileek tresna arduratsutzat definitzen dute Zikloan, eta euskara hutsean dagoen lehen aplikazioa da. Hain zuzen ere, erabiltzaileen datuen babesa da sortzaileen ardura nagusietako bat eta segurtasuna bermatzeko alokatutako zerbitzari “propioetan” gordetzen dira datuak. Pribatutasun-bermea oso handia da, beraz. Sortzaileek datu horien erabilera etikoa bermatzen dute, anonimotasuna zainduz eta helburu komertzialekin ez direla erabiliko bermatuz.
Aplikazioa 2023ko martxoan argitaratu zen, eta dagoeneko 1.000 erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta. 2025eko martxoan, aplikazioaren bertsio eguneratua plazaratu dute hainbat berrikuntza gehituta.